2010/06/29

Euskal Herria Zuzenean



Uztailaren 2, 3 eta 4an hitzordua daukagu Heletan: kale-animazioak, bazkariak, umeentzako ekitaldiak, kontzertuak... Herri bat zuzenean!!

2010/06/14

Irakurzale Kluba: Autokarabana

Ekainaren 15ean, asteartea, arratsaldeko 19,30etan, Las Karreraseko (Abanto) udal aretoan Autokarabana liburuari buruz aritzeko elkartuko gara.

Ez galdu euskal literaturaz gozatzeko aukera hau eta zatoz gurekin.

Fermin Etxegoienen lehen eleberri honetako protagonistak herri bateko kooperatiban egiten du lan, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua.
Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango.

2010/06/08

Noentiendotarron dekalogoa

Noentiendotarron jarduera politiko bakarra noentiendismotik ondorioztatzen dena da. Hartara, edozein testuingurutan, edozeinekin eta edozein tokitan “No entiendo euskera” esan, eta gainerakoak gaztelaniaz hitz egiten jartzeko eskubidea aldarrikatu eta gauzatuko dugu.


1.-
Euskaraz egiten digutenean, noentiendotarrok beti gauza bera erantzungo dugu: “No entiendo”. Esaldi hori beti erabiliko dugu, salbuespenik gabe eta sistematikoki. Parean duguna euskaraz hitz egiten tematzen bada, hau esango diogu: “¡Que te he dicho que no entiendo!”.

2.- Noentiendotarroi euskaraz egiten digutenak edukazio txarrekoak izango dira, eta horixe aurpegiratuko diegu beti. Ezin dugu euskaldun bakar bat ere utzi edukazio txarrekoak direla sinestarazi gabe.

3.- Talde batean euskaraz ari badira eta gu haiengana joaten bagara, gaztelaniaz hitz egiten jarriko ditugu. Hartara, honako formula aplikatuko dugu beti: zazpi euskaldun gehi erdaldun bat berdin zortzi erdaldun (7 euskaldun + 1 erdaldun = 8 erdaldun).

4.- Euskaldunek uste dutenaren aurka, noentiendotarrok elebidunak gara. Izan ere, aldian behin, “Agur” esaten dugu. Are gehiago, elebitasunaren izurria hain zabalduta egotearen ondorioz, zerbait ulertzen badugu, jakinaraziko dugu ez dugula ulertu, eta dekalogoko lehenengo puntuko irtenbidera jo eta hau esango dugu: “No entiendo”.

5.- Noentiendotarrok euskararen presentzia nimiñorik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, hemen (hau da, vascongadetan) eta Murtzian, azken batean gauza bera izan beharko bailuke batean edo bestean bizi. Ideologia horri noentiendismoa esango diogu.

6.- Noentiendotarron jarduera politiko bakarra noentiendismotik ondorioztatzen dena da. Hartara, edozein testuingurutan, edozeinekin eta edozein tokitan “No entiendo euskera” esan, eta gainerakoak gaztelaniaz hitz egiten jartzeko eskubidea aldarrikatu eta gauzatuko dugu.

7.- Noentiendotarrak ez gara arrazistak. Hartara, etorriberriei ere onartzen diegu guk adinako eskubidea noentiendismoan murgiltzeko eta euskara arbuiatuz bizi ahal izateko.

8.- Noentiendotarrok noentiendotarrak bultzatuko ditugu beren jardunean eta lan eremuan: enpresa munduan, hedabideetan, politikan… Gizartearen elitean ahalik eta noentiendotar gehien kokatzen saiatuko gara, noentiendotarrismoa zabaltzeko eta indartzeko.

9.- Noentiendotarron dekalogoko puntuak negoziaezinak, errebisaezinak eta aldaezinak dira.

10.- Noentiendotarrok gorroto dugu dekalogo hau, euskaraz dagoelako, eta ez duelako bat egiten noentiendotarrismoaren oinarri ideologikoarekin; hau da, euskararik gabe bizitzeko eskubidearekin.

Horraino “Noentiendotarren dekalogoa”.

Zenbat lagunek egiten ote dute bat dekalogo honekin Euskal Herrian?

2010/06/02

Enkarterriko Bertsolari Txapelketa'10

Ekainaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan, Zierbenako frontoian...